ZER DA EUSKARALDIA?
Euskaraldia, ahobizi, belarriprest…hitz hauek inguratu gaituzte azken aste hauetan…baina, zer gertatu ote da Madre de Dios Ikastetxean?
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntzaren erabilera handitzeko ariketa soziala da. 2020an, azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatu dugu eta norberak aukeratu du zein rol jokatu duen: ahobizi ala belarriprest. Lehenak euskaraz aritzeko konpromisoa hartu du (ulertzen duenarekin, jakina!)- Bigarrenak, berriz, euskara ulertzen du eta euskarazko elkarrizketei eusten saiatu da- Gure rola zein zen erakusteko txapez bete dugu ikastetxea eta Sphiraleko norberaren irudia aldatu dugu.
NOLA ANTOLATU GENUEN IKASTETXEAN?
Erronketatik hasi eta hainbat jolasetatik pasatuz, ikastetxeak sormen eta konpromiso handiko ekintza bizi izan du Euskaraldian. Ikasle, irakasle, familia eta irakasle ez diren langileen esperientziak eta harrera onak erakutsi dute horrelako jarduerak egokiak eta are beharrezkoak direla euskararen normalizazioan.
Ahalduntze kolektibo ariketa da, eta guk guztiok egiaztatu dugu noraino hel gaitezkeen. Erronken, jolasen, musikaren eta giro lasaiaren bidez, apurka-apurka alde batera utzi ditugu erratzeko lotsa eta beldurra, eta hitz egiteari ekin diogu. Hasieran, beharbada, zalantza gehiagorekin, eta gero isildu ezinik… geure bertsoak sortzera ere ausartu gara! Aste hauetan euskal kultura, mitologia, tradizioak, gure inguruko paisaiak, hizkuntzaren historia… ezagutzen murgildu gara, ahobizi edo belarriprest gisa dugun konpromisoari eutsiz.
ZERTARAKO EUSKARALDIA?
Johan Huizingak esan zuen moduan, “kultura babestu nahi badugu, sortzen jarraitu behar dugu”. Eta horixe da, hain zuzen ere, Normalkuntzak proposatutako jarduera anitzetatik bilatzen duguna. Batzuetan ahaztu egiten zaigun arren, euskara deklinabideetatik, mugagabetik eta sintaxiatik haratago doa. Arau ortografikoak, aditz-taulak eta kasuak baino askoz gehiago da. Kultura eta identitatea da. Maila globalean homogeneizazio kulturalera jotzen ari den garai batean bizi gara. Hala ere, ezin ditugu ahaztu bakarrak egiten gaituzten berezitasun txiki horiek.
Gure kasuan, horietako bat euskara da, indoeuropar aurreko hizkuntza: oraindik ez dakigu haren jatorria zein den eta gure bilakaera historikoaren isla da. Azken hamarkadetan ahalegin handia egin da eskola, euskaltegi, erakunde publiko eta pribatuetatik erabilera berreskuratu eta bultzatzeko.
Gaur egun, 2020. urtearen amaieran, hiztun kopuruak gora egin duen une honetan, Madre de Dios Ikastetxeko hezkuntza-komunitatzeko kide guztiek erabaki dute aktiboki parte hartzea eta lanean jarraitzea joera horri eusteko eta hazten jarraitzeko. Konpromiso hori eskertu besterik ezin dugu egin, zeregin hori ez bailitzateke posible izango lankidetza zoragarri hori barik. Hemendik aurrera ikastetxe honetako hezkuntza-komunitateko kide guztiek zalantzarik gabe baieztatuko dute euskara GEHIAGO, GEHIAGOREKIN ETA GEHIAGOTAN.