Aurten ere iritsi da ekainaren 5a eta, beraz, Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna. Egun horren inguruan hainbat ekitaldi, asmo oneko adierazpen, jarduera, protesta eta abar egiten da. Eta guztiak dira beharrezko ingurugiroa zaindu eta babestu nahi badugu; ez baita lan makala. Izan ere, erraza izan daiteke hitz eta ekintza polit eta ikusgarriak egitea, baina ez da batere erraza jendearen pentsatzeko eta jokatzeko modua aldatzea; ez da erraza natura agortezina dela eta bertan dagoen guztia ustiatu genezakeela burutik kentzea; ez da erraza bizimoduari lotu dizkiogun hainbat erosotasuni uko egitea; beti ez da erraza, gure bizi-kalitatea murriztu gabe, ingurugiroari kalte gutxiago egingo dioten ohitura eta baliabide berriak erabiltzea; ez da erraza betiko produkzio-sistemen ordezkoak bilatu eta bilatzeko baliabideak eskura izatea…
Eta hala ere, hori guztia egin beharrekoa dugu. Beharrezkoa dugu ingurugiro-urtea izatea eta horretarako neurriak hartzen jarraitzea, baita natur gune babestuak sortzea ere helburu hori betetzeko balio badute. Egoki kudeatuta, ingurune eta espezie jakinak babesteko eta jendea kontzientziatzeko balio baitezakete, besteak beste.
Baina babesteko beharra ez da Natura ‘gaixoa’ suntsitzeko arriskuan dagoelako sortzen (iraungo du era batera edo bestera), baizik eta inguruan dugun Natura zoragarria delako eta guztiok dugulako horretaz gozatzeko eskubidea. Baita gure ongizaterako ezinbestekoa delako ere, elikagaiak, ura eta airea bertatik hartzen ditugulako eta horiek egoera onean ez badaude guri kalte egiten digutelako. Ez al da nahiko arrazoi? Beraz, izan gaitezen geurekoiak